•Metro Bilbaok Estatu Batuetan eta Europan indarrean dagoen Montrealgo Protokolora egokitu gura du horrela, eskailera mekaniko eta korridore ibiltarietako zinta garraiatzailearen barruan bertan ur lainoztatua erabiliz.
•Elkano, Ertzilla, Kale Nagusia eta Renfeko sarrerak itxita egongo dira ekainaren 23an, 24an, 28an eta 30ean, hurrenez hurren, sistema hori instalatu eta prestatzeko lanak errazteko.
Metro Bilbaok segitzen du sarbideetako sute itzalketa sistema aldatzen. Sistema automatiko eraginkor eta ekologikoagoa jartzen ari da, joan den udatik, eskailera mekanikoetan eta korridore ibiltarietan. Hobekuntza honekin Estatu Batuetan eta Europan indarrean dagoen eta 2010etik aurrera aplikatu beharko duen Montrealgo Protokolora egokitu gura du. Gailur hartan hitzartutakoak berotegi efektura eragiten duten HCFC gasak, berbarako, Metro Bilbaoren 1. linean 1995ean jarri zen NAF-S3 gasa aplikatzen dituzten sute itzalketako sistemak aldatzera behartzen du.
Larunbatean, ekainak 23, Indautxuko geltokirako Elkanoko sarrera itxiko da, igandean, ekainak 24, Moyuako geltokirako Ertzillakoa, ostegunean, ekainak 28, Abandoko geltokirako Kale Nagusikoa, eta larunbatean, ekainak 30, Abandoko geltokiko Renfeko sarrera, sistema hori instalatu eta prestatzeko lanak errazteko. Bilboko erdigunean dauden hiru geltoki horietara sartu gura duten pertsonek Areilza, Diputazio eta Berastegi kaleetan dauden ahoak, zein kaleko igogailuak erabili ahalko dituzte.
Bilboko beste sarbide batzuetan joan den abuztuan instalatzeari ekin zioten sistema berriarekin sutea ur lainoztatuz itzaltzen da; zinta garraiatzailearen barruan instalatzen da. Ur lainoztatutakoaz suteak itzaltzeko sistemak ez dira bat ere kaltegarriak ingurumenerako eta pertsonentzat. Suteak itzaltzeko gas kimiko askok ez bezala, sistema hauek ez dute ozono geruza suntsitzen, ez eta berotegi efekturik eragiten ere.
Suteez babesteko sistema berria sei geltokitan instalatu da dagoeneko (Basarrate, Zazpi Kaleak, San Inazio, Erandio, Areeta eta Algortan), eta suteez ohartu eta itzaltzeko dauden teknologiarik aurreratuenak aplikatzen ditu.
Metro Bilbaok eskailera mekanikoetako suteak itzaltzeko sistema guztiak 2009 baino lehen aldatzea pentsatuta dauka eta, horrela, araudia indarrean jarri baino urtebete lehenago beteko du. Egitasmoaren kostea, guztira, 372.000 euro lirateke; 73 eskailera mekanikoko eta 4 korridore ibiltariko suteak itzaltzeko sistema aldarazi beharko da.
Dispositibo berria instalatzeko lanak oso konplexuak dira, ezer baino lehen, eskailera mekanikoa desmuntatu behar baita. Sistema berriaren funtzionamendua bero maila jakin bat igartzen duten sentsoreen bidezko arrankean oinarritzen da; gordailu handietan presiopean pilatutako ura barreiatzen da, eta irteerako pita berezien ekintzaren ondorioz, lainoztatuta irteten da. Sistemak, gainera, lau aktibazio maila ditu, automatikoa, tokikoa, eskuzkoa zein ATNtik bideratutakoa.

