Txema Oleagaren ongi-etorri gutuna
Ongi etorri beroa opa dizut Metro Bilbaoren izenean gure komunikazio-atari honetara. Gure aurkezpen-txartela duzu, baliagarri izango zaizun garraio-eskaintza oparoaren eta hiriarteko trenari buruzko hainbat albisteren atea irekiko dizuna.
Hemengo edukien bidez zer egiten dugun jakingo duzu, gure jarduera eta ekintzak gainbegiratuko dituzu, bat gehiago izango zara gizartean hain errotuta dagoen garraio honetan; azken batean, gertu eta hurbilago sentituko dituzu gure Metro Bilbao maitearen eguneroko kontu eta gorabeherak.
Komunikazio-tresna erraz eta eraginkorra eskaini nahi diogu gure garraiobidea erabiltzen duen jende guztiari, ohiko bidaiariari zein lantzean behinekoari, baita inoiz erabili ez duten arren Bilboko hiriarteko trenaren barrenak eta gure eguneroko jardunera ezagutu nahi dituztenei ere.
Topagune bihurtu nahi dugu gune hau, herritarrek parte hartzeko leku. Beti hartuko ditugu kontuan eta dagokien bezala balioetsiko ditugu zure iritziak eta oharrak, zure kezkak erantzun nahi ditugulako, eta informazio hori oso ondo datorkigulako zerbitzua egunetik egunera hobetuko badugu.
Gogoan izan behar dugu Metro Bilbao ezinbesteko garraioa dela Bizkaiko gizartearentzat, erabilgarria, eraginkorra delako, eta inguruarekin iraunkortasun-konpromisoa duelako. Metrorik gabe zailago litzateke Bizkaian hartu duen metropoli-dimentsioa eta funtsezko pieza izan da, ezbairik gabe, itsasadarrean hiria berroneratzeko.
Helmuga berriak iristea jomugan, metropoliko trenbidearen sarea hedatzeko eta garraio-modu hau beste auzo eta herri batzuetara eroateko lanean ari gara, herritarren bizimodua erraztuko badugu, gero eta jende gehiagorengana heldu guran, hain zuzen.
Bien bitartean, bidaia interesgarria opa dizut web gunean zehar. Ondo ibili.
Presidentea

